martes, 28 de febrero de 2012

Ezagutzaren gizartea eta eskola porrota

Ezagutzaren gizartea eta eskola porrota

Denok onartzen dugu ezagutza oso garrantzitsua dela gure gizartean. Hain da garrantzitsua, askok Ezagutzaren Gizartea kontzeptua erabiltzen dutela bizi garen gizartea izendatzeko. Eta ezagutzaren gizartea hezkuntzan eta informazioaren teknologia berrietan oinarritzen da; alegia, informazioaren teknologi berrien laguntzarekin, ondo hezitako pertsonak gai dira ezagutza sortzeko, eta, ondorioz, herritar guztien bizi kalitatea hobeagotzeko. Gaur egun, gizarteen oinarrizko bitarteko ekonomikoak ez dira kapitala, baliabide naturalak edo lana, ezagutza baizik. Teknologikoki aurreratuen dauden gizarte gehienak ezagutzan oinarritutako gizarteak dira. 


Prestatuta dago euskal gizartea ezagutzaren gizartean sartzeko? Nolako giza baliabideak ditu euskal gizarteak? Gure hezkuntza sistemak ezagutzaren gizarteak eskatzen dituen pertsonak prestatzen ditu? Galdera garrantzitsuak dira, izan ere, ezin da traktorerik erosi hura gidatzen jakin gabe



PISA Ikasleen Nazioarteko Ebaluaziorako Programa da, Ekonomia, Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) bultzatutakoa, eta hiru urtean behin egiten dena. PISAren helburua da nazioarteko ikasleen artean bizitzarako garrantzitsuak diren ezagutzak ebaluatzea. 



Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako ikasleek 2003ko ebaluazioko emaitzak errepikatu zituzten 2006an. Irakurmenean behera egin zuten, baina zientzietan asko hobetu zirela erakutsi zuten. Ikasle nafarrek lehenengoz parte hartu zuten PISAren ebaluazioan, eta irakurmenean izan ezik, OCDEren batez bestekotik gorako emaitzak lortu zituzten. PISAren emaitzen arabera, Hego Euskal Herriko ikasleek hobetzeko asko dute, baina munduko herrialde garatuenetako ikasleen parean dabiltza. 



Bigarren mailako ikasketei dagokionez ere ondo gabiltza. Izan ere, Europar Batasuneko biztanleriaren %73,8k bukatu ditu bigarren mailako ikasketak eta EAEko %81,1k. Arlo horretan, Alemaniaren eta Frantziaren aurretik gaude. Horrekin batera, EAEko 25 eta 64 urte bitarteko biztanleriaren %26k ditu goi mailako ikasketak eta Europar Batasuneko %23,1k; alegia, goi mailako hezkuntzari dagokionez ere EAEko biztanleak Europako batez bestekoaren gainetik daude. 



Gainera, EAEn eta Nafarroan ikasketak bukatu gabe utzi dituzten ikasleen ehunekoa Estatuko beste elkarte batzuetakoa eta Europar Batasunekoa baino txikiagoa da. 2006an, 18 eta 24 urte bitarteko Estatu espainiarreko ikasleen %29,9k utzi zituzten ikasketak bukatu gabe; aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoan ikasleen %14,3 zeuden egoera honetan eta Nafarroan ikasleen %12. Europar Batasuneko ikasleen %15,3k utzi zituzten ikasketak. 



Datu hauek guztiak aztertuta esan daiteke ezagutzaren gizartean txertatzeko kalitatezko giza kapitala daukagula. Hezkuntzaren ikuspuntutik, Estatu Espainiarrean eta Europar Batasunean baino emaitza hobeagoak ditugu Hego Euskal Herrian. Hala ere, Alvaro Marchesik bere Qué será de nosotros, los malos alumnos liburuan esaten du %8tik goragoko eskola porrotak ez direla onargarriak. Hau da, %8ko eskola porrota estrukturala edo teknikoa da, eta hortik gora zerbait gaizki dagoenaren seinale da. Zentzu honetan, kontuan hartzekoa da Finlandian, PISAren ebaluaketetan emaitza onenak lortzen diren estatuan, ikasleen %8,3k uzten dituztela ikasketak. 



EAEn ikasleen %14,3k utzi zituzten ikasketak 2006an eta Nafarroan %12k. Beraz, ezinbestekoa da eskola porrot hau gutxitzeko ahalegin bereziak egitea. Izan ere, so ez dagoena geroari, deiez dauko goseari



Honekin batera, oso kontuan hartzekoa da kurtsoa gainditu ez zutenen artean desberdintasun adierazgarriak zeudela sexuen eta hizkuntz ereduen ikuspuntutik. Sexuari begiraturik, hezkuntza maila guztietan kurtsoa gainditu ez zutenen EAEko nesken ehunekoa mutilena baino nabarmen txikiagoa zen. Batez beste, nesken %9k ez zuten gainditu kurtsoa, eta mutilen %14k. Beraz, badirudi, etorkizunean, mutilentzako errefortzu klaseak planteatu beharko direla eskoletan. Ez neskatoa ez mutila, ez aberatsa ez kiskila. 



Hizkuntz ereduaren arabera, B eta D ereduan ikasten zuten EAEko ikasleek A ereduan ikasten zutenek baino emaitza hobeagoak lortu zituzten 2006an. Eredu bietan kurtsoa gainditu ez zutenen ehunekoa batez besteko orokorraren (%11) azpitik egon zen: biak %9rekin. A ereduko zentroetan ikasleen %18k ez zuten gainditu kurtsoa. Eta honek zer pentsa ematen du. Izan ere, euskarazko ereduetan ikasten zutenek erdarazkoan ikasten zutenek baino emaitza akademiko hobeagoak lortzen zituzten. Beraz, etorkizunean, baliteke gizarte gatazka eta hizkuntza gatazka nahastea; hain zuzen ere, euskaraz dakitenek hizkuntza menperatzen ez dutenek baino emaitza akademiko hobeagoak eta, ondorioz, unibertsitaterako sarrera errazagoak eta lan hobeagoak izango dituztelako. 



Ezagutzaren gizartean behar bezala txertatzeko, euskal hezkuntza sistemak alde sendoak ditu, baina zalantza barik ezinbestekoa da eskola porrotari erantzun egokia ematea.Aurrekoak erakusten du, atzekoak nola dantzatu.



No hay comentarios:

Publicar un comentario